XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Neska bazterrera bultzatu, giltza zerrailan sartu, ate ireki eta neska barrura bultzatu nuen.

Berriro atea itxi eta hantxe gelditu nintzen, usnaka.

Etxea ikaragarri itsusia zen egun argitan.

Paretetako zirtzileria txinatarrak, alfonbrak, girgileriaz jositako lanparek, tekazko gauzek, hango koloreen parrastada likatsuak, totem-zutoinak, eter eta laudanoaren pitxarrak, horiek guztiek egun argitan bazuten halako likiskeria ezkutuko bat, maritxuen jai baten antzekoa.

Neska eta biok elkarri begira gelditu ginen.

Bera saiatu zen aurpegian irribarretxo atsegin bati eusten, baina aurpegia nekatuegi zeukan inork enbarazu egin ziezaion.

Burua hutsik gelditzera zihoakion.

Irribarrea ezkutatu egin zitzaion, ura harean bezala, eta azal zurbilean bazeukan halako laztasun bikortsu bat, begien hustasun liluratu eta ergelduaren azpian.

Mingain zurixkak ahoaren ertzak milikatu zizkion.

Neskato polit mimatua eta ez oso argia zen, galbide handian jarria, eta inork ez zuen ezertxo ere egiten hori galarazteko.

Pikutara doazela aberaskumeak!

Gaixotu egiten naute.

Hatzen artean zigarro bat biribildu, liburu batzuk bultzaka neure paretik kendu eta idazmahai beltzaren buruan eseri nintzen.

Zigarroa piztu, ke bafada bat bota eta hatz lodiaren hozkatzeari begira egon nintzen piska batean, isil-isilik.

Carmen aurrez aurre neukan, neskato bihurri bat zuzendariaren despatxoan bezala.

- Zer ari zara hemen? galdetu nion azkenean.

Berak txamarraren hegalari heldu eta ez zion nire galderari erantzun.

- Zer gogoratzen duzu atzo gauetik?

Horri bai, erantzun zion, begien sakonean azeri distira gero eta biziagoa zeukala: